2026ko urtarrilaren 22an aurkeztu du EITBk www.kirolakeitb.eus ataria, gure kirolaren eta kirolarien plaza digital berria. Bertan, aukera zabalagoa, intuitiboagoa eta ikus-entzunezkoagoa topatuko dugu: zuzeneko emanaldi gehiago eta kalitate hobeagoan, esperientzia bisual biribila bizitzeko, edozein tokitik eta edozein momentutan. Balio erantsia du, gainera: gure eduki gustukoenen bilduma osatu dezakegu Zuretzat atalean.
Futbola, pilota, saskibaloia, herri-kirolak, eskubaloia, arrauna... Diziplina nagusiek ez ezik, hedapen gutxiagokoek euren leihoa dute, eta modu berezian zaintzen dira emakumezkoen kirolak. Aktualitatea jarraitzeaz gain, streaming eskaintza anitza daukagu, emanaldiak bere osotasunean ikusi eta kirol bakoitzaren esentziarekin eta emozio guztiarekin gozatzeko. Emaitzak eta sailkapenak une oro eguneratzen dira eta sare sozialekin konektatuta dago. Atarian erregistratuta, hainbat abantailez gozatzeko aukera ere badu erabiltzaileak.